2017(e)ko otsailaren 9(a), osteguna


Urteak joan, urteak etorri, herriak, hiriak, herrialdeak sortuz joan ziren eta, haiekin… bai, mugak. Orain proposatuko dizuet, ezagutzen dituzuen muga guztiak mapan marraztea. Ahalegindu zaitezte bilatzen zertarako eraiki ziren, pasatzerik ba ote dagoen eta hori nork erabakitzen duen.
Lehortegi eta Itsastiriko historiaz, eta harresien historiaz, oro har, gogoeta egiteko, aspalditik ezaguna duzuen jokoan aritzea proposatuko dizuet: katearen jokoa da. Patiora joan beharko dugu, leku zabala behar dugulako, korrika egingo dugu-eta. Hasteko, hiruzpalau neska-mutiko, eskutik helduta (katea osatuta), pistaren erdialdean ipiniko dira, Itsastiri eta Lehortegi bereizten dituen harresi modukoa osatuta. Gainerako ikaskideok herritarrak zarete eta alde batetik bestera ibili beharko duzue. Helburua da harresia pasatzea, katea osatzen dutenek harrapatu gabe.
Jakin beharrekoak:
  • Harrapatzaile bakarrak kate-muturrekoak dira, tartekoak ez.
  • Erdialdeko arkuetatik pasatzen bazarete, beste aldera iritsi ahal izango zarete, salbu.
  • Katea osatzen dutenak eskutik askatzen badira, ezin dute inor harrapatu.
  • Katea osatzen duzuenok harrapatzen baduzue norbait, hori katean sartuko da, “harresia” geroz eta luzeagoa eginez. 





Orain, une batean atseden hartuz, kate jokoan sentitu dugunaz hitz egingo dugu. Nolako sentsazioak izan dituzue? (Adibidez, beldurra, amorrua, alaitasuna, urduritasuna, lasaitasuna…). Noiz sentitu dituzue horrelakoak, jokoaren hasieran, pasatzen lortutakoan, harrapatuta sentitzean…? Nolako sentsazioak bizi izan zituen Linaren aitonak, zuen ustez, pasatu ezinik gelditzean?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina